OSASUNA 2 - 1 SEVILLA

Oroz gain, partidu bikaina

Juan Kruz Lakasta 2022ko abu. 16a, 08:18
Chimy Avila eta Aimar Oroz, bigarrenaren gola ospatzen (Argazkia: osasuna).

Osasunak bi eta bat irabazi du Sadarren, Sevillaren aurka, 2022/2023 Ligako lehen norgehiagokan, Aimar Oroz handi baten eskutik. Arrasateren mutilek partidu bikaina egin dute, Lopetegirenen kontra.

Liga hasiera ederra egin du Gazteluko plazako taldeak, aurkari handi baten aitzinean. Arrasatek taldea birpentsatu du, eta bistan da distira handiagoa lortu duela zelaiaren azken herenean, atzealdean sendotasunik galdu gabe.

Hobekuntzak izen abizenak ditu: Aimar Orozenak, hain zuzen ere. Arazuriarra lehendabizikoz sartu da lehen taldeko hasierako hamaikako batean, eta ederki aprobetxatu du abagunea. Bikain aritu da baloiarekin zein gabe, 22 pase eman ditu behin ere huts egin gabe, eta garaipenaren gola sartu du penaltiz, nortasun handiz Tximi Avilari jaurtitzen uzteko eskatu eta gero.

Izen propio gehiago, aurtengo bi fitxaketarena hain justu: Ruben Peñak defentsako eskuin hegaletik Tximiren goleko erdiraketa egin du. Moi Gomezek behin eta berriz erakutsi du kalitate handia duela oinetan.

Ezin uka Osasunak Sevillari adieraziriko penalti zorrotz bati esker lortu duela garaipenaren gola. Baina halaber ezin atzendu gorritxoek gol aukera gehiago eta argiagoak sortu dituztela sevillarrek baino.

Norgehiagokako itzal bakarra, Unai Garciak betazalean pairaturiko zauria. Edonola ere, badirudi asteburuan jokatzeko moduan izan daitekeela. Gorritxoek larunbatean, 17:30ean jokatuko dute hurrengo norgehiagoka, Cadizen aurka, Sadarren.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!