Merkatariak, azalera handiko beste saltoki bat zabaltzearen aurka

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 11a, 08:53

Nafarroako merkatari elkarteen federazioak haren “ezinegona” adierazi du, “hiri guneen desertifikazio komertziala” dela eta

Olatzen, Eguesibarren, azalera handiko saltoki bat zabaltzeko baimena eman berri du Nafarroako Gobernuak, proiektuaren udalez gaindiko plan sektoriala onartuz. Bultzatzaileek proiektua ezagutzera eman dute aste honetan. Parking handi baten inguruan, bost eraikin eginen dituzte, eta horietan gutxienez 17 denda eta jatetxe izanen dira. Orubean dagoeneko martxan dira Mc Donald’s eta Tagliatella jatetxe-frankiziak eta AN gasolindegia. Ezin ahantzi daiteke duela hilabete gutxi Iruñeko Udalak baimena eman zuela Azpilagañan beste azalera handiko saltoki bat zabaltzeko.

Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren erabakiok merkatari txiki zein ertainen haserrea eragin du, sektoreak krisi handia pairatzen ari delarik iritsi baitira. Datuak argiak dira: Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, 2016tik Nafarroako saltoki txikien %10 itxi dituzte. Duela sei urte 6.480 ziren, eta egun 5.788 dira. Izan ere, pandemiak duela hamarnaka urte hasitako krisia areagotu baitu.

Nafarroako merkatarien elkarteen federazioaren irudikoz, “gertuko komertzio txikia zaindu behar da” eta “eredu hori kolokan jartzen duten planifikazioak dira arriskurik handienetako bat Nafarroako merkatari txikien sektorearentzat”. Izan ere, “hiri guneak komertzialki desertifikatu dira” eta “hein handi batean hiriguneetatik at ugaritu diren intalazio komertzialak dira horren erantzule”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!