Amaiurretik etorkizunerantz

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 8a, 07:38
Ikuskizuneko une bat (Argazkia: Jon Maia).

Ehunka lagunek gozatu zuten larunbatean, Amaiurko guduaren 500. urteurrenaren karietara osaturiko ikuskizuna.

“Iragan handia duzu, baina garrantzitsuena etorkizuneko Amaiur da”. Hala laburbildu zuen Jon Maiak hark zuzenduriko ikuskizunaren mezu nagusia: Amaiur 2022-2522. Aurkituko gaituzuenoi.

Bertsolari eta artista urretxuarra urte hasieratik aritu da ikuskizuna prestatzen, beste hainbat artistarekin auzolanean. Larunbatean, Anabel Arraiza aktoreak aurkezle lanak egin zituen. Asisko Urmenetaren marrazkiak eta Gari Garaialderen zein Andoni Lubakiren argazkiak ikusgai izan ziren. Olaia Intziarte, Joseba Irazoki, Jean Mixel Bedaxagar, Gorka Hermosa, Aire Ahizpak, Et Incarnatus orkestra eta Elizondok oKoro Ttiki abesbatza, entzungai. Zubietako joaldunek ere parte hartu zuten ikuskizunean. Prestakuntza lanetan bizitakoa azpimarratu zuen Maiak: “Bidean bizitakoa, ikasia, gugan dago. Mila esker Amaiur”.

Amaiurko gazteluaren iraganetik abiaturik, orduko eta egungo hainbat gai jorratu zituzten ikuskizunean: migrazioak, emakumearen zapalkuntza, sekualitatea eta beste hainbat. Horren guztiaren ondotik, ikuskizunaren azken txanpan, neska batek pen drive bat utzi zuen gazteluan, etorkizuneko arkeologoek aurki dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!