Osasuna 1 - Burgos 0

Nagusi izan dira harrobikoak eguneko lehen norgehiagokan

Iosu Ganuza Garcia 2022ko abu. 5a, 13:06
Aimar Oroz baloia leihatzen. Iturria: (C.A. Osasuna)

Pablo Ibañezek 52 bat metrotatik egin du garaipenaren gola.

Eguneko lehendabiziko partiduari harrobiko 8 jokalarirekin zelaian ekin diote gorritxoek. Nabarmentzekoa Pablo Ibañez erdilariak lortutako gola. Bat eta huts amaitu da norgehiagoka baina nagusi izan da erabat Osasuna bigarren mailako Burgosen aurka.

Atzean sendo eta aurrean etengabe arriskua sortuta igaro dira 90 minutuak Jagoba Arrasateren taldearentzat. Lehendabiziko aukera Aimar Orozek izan du buruz baina ez du ongi errematatu.

Hegaletatik eta Kike Garciaren atzetik Barjak, Orozek eta Torresek izandako mugikortasuna baliatuta sortu dituzte hutsuneak gaztelako taldearen defentsan eta area asko zapaldu dute Osasunako jokalariek. Pablo Ibañezek lehen zatian jaurtiketa on bat egin du ere baina arazo gutxirekin eten du kanpoko atezainak. Presio altuak ere bere fruituak eman ditu arriskua sortzerakoan, eta kontraerasoak Burgosek sortzen zituenean sendo zeuden atzeko lerroan Unai Garcia eta Jorge Herrando bidea itxita.

Bigarren zatiari ekiteko soilik hiru ordezko aulkiratu dituen Osasunak ez du aldaketarik egin. Martxa berean igaro dira 45 minutuak. Gorritxoak nagusi izan dira jokoaren alderdi guztietan eta Burgosek ez du apenas zapaldu Osasunaren zelaia. Halako batean zelai erdian Pablo Ibañezek baloia lapurtu dio aurkari bati eta metro batzuk aurrera egin ostean 52 bat metrotatik baloia sareratu du Taxoaren bat eta hutsekoa (1-0) ezartzeko.

Hortik aurrera etxeko taldeak aurrerapausoa eman du baina markagailua ez da aldatu gol aukeraren bat edo beste gozatu duten arren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!