Pasa den astean, Nafarroako kirol kudeaketarako hitzarmenaren bilera egin zuten CCOO, ELA, UGT eta LAB sindikatuek AGEDENA patronalarekin. 2022 eta 2023rako %3 ko soldata igoera jarri zuten enpresariek mahai gainean azken proposamen moduan. Langileen ordezkariek ez zuten onartu, bizitzeko gutxiengo soldata duina ez duelako bermatzen.
Gauzak honela, datorren abuztuaren 11n osteguna, greba eginen dute udalen menpe dauden igerileku eta kirol azpiegitura publiko guztietako langileek. 2.000 dira, sorosle, monitore, entrenatzaile, teknikari, sarreretako arduradun eta garbitzaileen artean. Egun horretan beraz, itxita izanen dira igerileku eta gimnasioak. Patronalak ez balu erantzungo eta KPIaren neurriko soldata igoera planteatuko, hilabete amaieran, hiru eguneko lanuztea ere aurreikusten hasi dira sindikatuak.
Udalei ere dei egin diete, gatazka honetan bitartekari lanak egitera. Azpikontratatuta dituzten kirol zerbitzuak udal aurrekontuez hornitzen dira, beraz, negoziaketan, jasotzen diren funtsak oztopo izan ez daitezen, aurrekontuetan murrizketarik ez egitera dei egin dituzte.