Iratxe Alvarez: "Festa giroko ziztadak ez dira broma bat, emakumeon kontrako indarkeria baizik"

Iruñerriko Mugimendu Feministako kideak argi du "Festaguneetatik kanporatu nahi gaituzte eta horretarako mehatxuak, erasoak eta izua erabiltzen dute". Zalantza asko daude uda honetan hedatu diren ziztaden inguruan, baina Iratxe Alvarezek esan bezal, ezin dira gustu txarreko txantxatzat hartu, "Emakumeen kontrako enegarren erasoa direlako".

uda honetako albiste izaten ari da, festa giroan ematen diren emakumezkoen kontrako ziztadak. Zalantza asko dago haien inguruan, benetan intoxikazioa bilatzen duten edo izua hedatzea emakumeen artean. "Ez da kasualitatea emakumeok bakarrik pairatzea horrelako ziztadak" salatu du Euskalerria Irratian Mugimendu Feministako Iratxe Alvarezek, "Ez gaude txantxa baten aurrean, festa espazioetatik emakumeak kanporatzeko beste mehatxu batean aurrean baizik".

Sumisio kimikoaz aritzean, ziztadek sor dezaketen izu mediatikoaren gainetik, "Gure inguruan ohikoak diren drogen erabilpenaz mintzatu beharko ginateke, alkohola erabilita ematen baitira erasorik gehienak" azaldu du Euskalerria Irratian Iratxe Alvarezek.