Tu no eres tan especial (Zu ez zara berezia) izena izanen du Netflixek Nafarroan grabatutako telesailak. Estibaliz Burgaleta gidoilari tuterarrak sortutako fikziozko lanak 6 atal izanen ditu. Irailaren 2an estreinatuko du plataformak. Montxo Armendariz eta Puy Oriak osatutako Oria Audiovisual ekoiztetxearen lana da. Filmaketa 2021eko uztailean hasi zen. Nafarroako hainbat tokitan egin dute osoki: Lekunberrin, Leitzan eta herri horien inguruko eremuetan.
Gazteentzako komedia da telesaila. Gaztelaniaz grabatu dute, eta ekoiztetxeak ez du jakinarazi euskarazko hitzik azalduko ote den elkarrizketetan. 2020 Abenduan iragarri zuen telesailaren grabazioa Netflixek, argazki baten bitartez.
Salavarría izena zuen fikziozko herriaren kartela ageri zen irudian. Izenak, baina, polemika sortu zuen sare sozialetan, eta "sinesgarritasunaren onerako", Salabarria edo Salaberria erabiltzea gomendatu zioten ekoiztetxeari. Aintzat hartu dituzte kritikak, eta Salabarria izanen da herriaren izena.
Tira, ez dakit nik Nafarroa Garaian -barria (eta ez -berria edo -berri) bukaera duten leku-izen asko ote ditugun.
— Asier Azpilikueta (@aazpilikueta) December 21, 2020
Baina, bederen, eremu euskaldunean kokatua baldin badago, paratzen ahal zuten euskal grafiarekin. Sinesgarritasunarengatik, diot. https://t.co/cl62GGKZcS
Netflixek euskararekiko duen jarrerarekin desados, telesailaren estreinaldiaren jakinarazpenarekin batera, krtika gehiago jaso ditu plataformak azken orduetan.
Bilbon girotutako #Intimidad seriea izan zen lehenik. Orain, #TúNoEresEspecial|en estreinaldia iragarri berri du @NetflixES|ek, Nafarroan errodatu izanagatik ere, osotasunean gazteleraz ekoitzitako telesaila. Noizko gurean eta euskaraz ekoitzitako seriea?https://t.co/4BlcZ7NRUY
— Netflix euskaraz (eta gehiago) (@NEuskaraz) July 26, 2022
Sorginak, Salabarrian
Egun batetik bestera, Amaia protagonista gazteak Bartzelonako bizitza utzi eta amaren herrira joan beharko du bizitzera, Salabarria fikziozko herrira. Lehen begiratuan, aspergarria izango zaio, baina pixkanaka bere existentzia aldatuko duen zerbait ezagutuko du: agian bere amonaren botereak heredatu ditu, bere garaian eskualdean izan zen sorgin bakartzat zuten eta haren senidea.
‘Valeria’ telesailaren zuzendari izandako Inma Torrentek eta Laura M. Camposek zuzendu dute. Delia Brufau, Oskar de la Fuente, Ainara Perez, Jaime Wang, Elia Galera, Jordi Aguilar, Miriam Cabeza eta Gabriel Guevara izanen ditu aktore.