Joseba Ezeolaza (CCOO): "Aparteko soldatek eta plusek soldata arrakala handitzen dute"

Haritz Pascual Garjon 2022ko uzt. 26a, 11:56

Estatuko soldata arrakalarik handiena du une honetan Nafarroak. Emakumezkoek 7.271€ gutxiago irabazten dute gizonezkoekin alderatuta. "Industrian izan den soldata igoerak eta aparteko soldaten izaera maskulinoak eragin dute egoera hau" azaldu du Euskalerria Irratian Comisiones Obreras sindikatuko Joseba Ezeolazak.

Nafarroan gizon eta emakumeen soldata arrakala %23koa da, hau da, gizonezkoek emakumezkoek baino 7.271e gehiago irabazten dute urtero bataz beste. "Sektoreen egoeraren araberako ondorioa da" azaldu du Euskalerria Irratian Comisiones Obreras sindikatuko politika sozialetarako idazkaria den Joseba Ezeolazak, "Industria arloan gizonezkoak dira nagusi eta bertan soldata igoerak eman dira azken urtean, hirugarren sektorean, zerbitzuetan ordea emakumeak dira nagusi eta ez da igoerarik eman". Horretaz gain, gain soldatek eta extrek duten izaera maskulinoa salatu du Ezeolazak, "Gaueko ordutegian gizonezkoak dira nagusi, oraindik ere, zaintza lanak eta etxean egoteko ordu horiek emakumeei uzten zaizkielako. Ordutegi horretako aparteko soldatak beraz gizonengana doaz nagusiki".

Honi erantzuteko, enpresa guztietako berdintasun planen beharra azpimarratu du CCOOko ordezkariak, non soldaten gaineko auditoria bat aurkeztu behar den. "Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, berdintasun planak exijitu ditzala enpresa guztietan" adierazi du Ezeolazak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!