Gizonezkoen Osasunaren sasoi beltzenen eta berpiztearen ikurretako bat izan da Arrekoa eta atzo Diario de Navarrak zabaldutako albisteen arabera Taxoaretik ateratzeko ateak irekiak omen ditu.
Roberto Torresek 33 urte ditu eta azkeneko denboraldian 800 minutu baino ez zituen jokatu, eta nahiz eta bi gol eta bi asistentzia eman bere maila ez zen espero zitekeena.
Aurtengo apirila maiatza aldera minutu gehiago aldarrikatu zituen Cordoba txikiko egunkariari emandako elkarrizketa batean, ez hori bakarrik, nolabait azalpenak eskatzen zizkion Jagoba Arrasateri minutu faltarengatik. Ezkabarteko erdilariak, ez zituen baina denboraldi amaieran entrenatzaileak emandako minutuak aprobetxatu. Hori dela eta aurre-denboraldia hasi berritan kirol zuzendaritzak adierazi zion kapitainari ez zuela rol erabakigarririk izanen sasoi honetan, bestela esanda, ez zuela minutu askorik gozatuko.
Kontuan izan behar da hegaletik, bertan aritu baita azken urteetan, Ezequiel Avila, Kike Barja, Javi Martinez, Iker Benito eta fitxatu berri duten Ruben Peña daudela eta zelai erdian Darko Brasanac, Jon Monkaiola eta aipatutako Javi Martinez beste batzuen artean, Aimar Oroz gaztea ahaztu gabe.
Hori dela eta klubetik atera nahi izatekotan Osasunak erraztasunak jarriko dizkio Roberto Torresi, eta badirudi Arreko magoa klub bila ari dela. Gorritxoek soldata basea laxatu behar dute fitxaketak egin ahal izateko eta Torres bere nahi ekonomikoak eta kontratuaren luzapena ase egingo dituen talde baten bila ari omen da. Azken zurrumurruen arabera Greziako Panathinaikos Osasunarekin harremanetan jarri da Roberto Torres fitxatzeko.
Aurreko denboraldiaren amaieran agerikoa zen kirol proiektua zaharberritzeko prozesua, eta mugimendu honekin are garbiago gelditu da hori.