“Oraingoz, ez ditugu gure helburuak gauzatu”, aitortu zuen Plataformako eledun Eider Gardek atzo arratsaldean, Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aitzinean, grebaren amaiera iragartzeko tenorean. “Baina harro gaudekolektibo moduan lortu dugun batasunarengatik: gaur egun ahots bakar bat gara haurtzaroaren eta gure kolektiboaren eskubideen alde, eta gainera gizarteko zatu handi baten lortu dugu, Haur Eskolako Lehen Ziklo duin bat lor dadin”, gaineratu zuen.
Kolektibo horren asmoak argi uzten zuen hezitzaileek zabalduriko pankartaren leloak: “Itzuliko gara!”. “Zikloari irtenbide integral bat ematen ez bazaio, are indartsuago itzuliko gara huelgara”, iragarri zuen Gardek. “Ez dugu heroirik behar, baizik eta 0-3 zikloarekin konpromiso erreal bat erakutsiko duen klase politikoa, beharrezkoak diren bitartekoak bermatuko dituena”.
Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariaren azken eskaintzak 4,5 milioi gehiago ekarriko lituzke ziklora. Gardek erantzun irmoa eman zion: “Gure duintasuna ez dago salgai, ez da negoziatzen. Ez dugu onartu Gobernuak eskaini digun prekaritatea, eta nahiago izan dugu gure duintasunari eutsi”.