Ezkabako gotorlekua oroimen historikoaren lekua izanen da

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 29a, 07:51

Ezkabako presoei egindako omenaldi bat, artxiboko irudi batean.

EH Bilduk akordioa lortu du Espainiako Gobernuarekin, Memoria Demokratikoaren Legearen alde bozkatzearen truke.

Espainiako Diputatuen Kongresuko EH Bilduren talde parlamentarioak atzo ezagutarazi zuen Espainiako Gobernuarekin lorturiko akordioa. Horren arabera, alderdi soberanistak Memoria Demokratikoaren Legearen alde eginen du bai gaurko ponentzian baita datorren asteko batzordean ere.

EH Bilduren arabera, hasierako gabeziak eta hutsuneak gorabehera, azken hilabeteetako negoziazioetan Memoria Demokratikoaren Legea hobetzea eta osatzea lortu da, bost aurrerapauso garrantzitsurekin. Neurri horiek lege osatuago, handinahiago eta giza eskubideak gehiago errespetatzen dituen batean islatuko dira.

Ezkabako gotorlekuari dagokionez, azken hamarkadetan hainbat erakunde publikok egindako saiakeren ondoren, EH Bilduk Espainiako Gobernuaren konpromisoa lortu du Ezkabako gotorlekua Memoriaren Leku gisa egokitzeko, Nafarroako Gobernuarekin sinatuko den lankidetza-hitzarmen baten bidez. Gotorlekua gehienez urtebeteko epean Memoriaren Leku izendatu beharko da, eta ordutik aurrera Memoria Demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko jarduerak egin ahal izanen dira.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak Gotorlekuko lurrak erabili ahal izanen ditu Memoriaren Leku bihurtzeko, Nafarroako araudian jasotzen diren baldintzetan, eta hainbat memoria-elkartek eskatzen duten bezala. Egun Ezkabako gotorlekua abandonaturik dago, hutsik eta inolako erabilerarik gabe.

Defentsa Ministerioari lotua eta Eskualdeko Ingurumen Parke baten barruan kokatua, Gerra Zibilean erregimen frankistak kartzela gisa erabili zuen milaka preso politiko giltzapetzeko. 1938ko maiatzaren 22an, San Kristobalen ihesaldi masibo ezaguna gertatu zen, eta 207 iheslari hil zituzten.

Beraz, Europa osoko kartzeletako ihesaldi sonatuenetako bat da, baita Espainiako Estatuan izan den preso-ihesaldi handiena ere: Estatuko hainbat lekutako 795 preso antifaxistek lortu zuten Gotorleku horretatik ihes egitea, eta horietatik 207 hil zituzten.

Era berean, EH Bilduren zuzenketa bati esker, Batzorde independente bat eratuko da, Francoren diktaduran izandako giza eskubideen urraketak argitzen laguntzeko, testigantzak, informazioa eta dokumentuak jasoz. Batzorde horrek giza eskubideen arloan ospe akademiko handia duten pertsonak izango ditu, eta horiek txosten bat egingo dute dagoen informazio guztia sistematizatzeko. Aldi berean, ondorioak atera eta gomendioak egingo dituzte, biktimen errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa bermatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!