Aste zinez beltzak izaten ari dira azkeneko hauek lan munduan. Lau langile hil dira haien lanpostuetan izandako istripuetan. Atzo Atarrabian egin zuten Agustin Escobesen heriotza gaitzesteko elkarretaratzea eta gaurkoan LAB, ELA, CGT, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako kideak Nafarroako Jauregiaren, Gobernuaren egoitzaren, aurrean bildu dira aurten izandako bederatzi lan-istripu hilgarriak salatzeko.
Haietatik lau azken egunetan izan dira eta sindikatuek azpimarratu dute “egoera prekarioetan” eta “lan-baldintza prekarioen eraginez” hil direla beharginak. Gobernuaren jarrera salatu dute. ELA sindikatutik Andoni Larraldek salatu du “Txibiteren exekutiboak bere egiten dituela patronalaren hitzak, prebentzio legea betetzen dela esaten duenean”.
Horregatik gaurkoan Gobernuari eta Lan Osasunaren Institutuari eskatu diete utz diezaioten “ardura desbideratzeari” eta ekin diezaiotela “baliabideak prebentzioan inbertitzeari”.
Ildo beretik mintzatu da LAB sindikatua. Enpresei exijentzia areagotzeko eskatu die , ez soilik inspekzioei dagokienez, baita prebentzio formakuntza saioak eskaintzen dituztela bermatzerakoan ere. Abertzaleen sindikatuaren aldetik Inko Iriartek hartu du hitza.
Gaurkoan beraz gehiengo sindikalak bat egin du “kontrol eza eta zigorgabetasuna” kritikatzeko. Lan Osasunaren Institutuari leporatu diote gainera, berriki aurkeztutako prebentzio plana ez dela nahikoa, besteak beste “istripuen gaineko erantzukizuna nork duen argitzen ez duelako”.