"Zaporedun Landa Merkataritza" egitasmoa martxan jarri dute, herrietan komertzioa sustatzeko

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 6a, 18:32

Otsagabiako panoramika. Iturria: Nafarroako Gobernua, Turismo arloa

Nafarroako Gobernuak parte-hartuko duten establezimenduei formakuntza eta laguntza eskainiko die.

Nafarroako Gobernuak Zaporedun Landa Merkataritza programa berria martxan jarri du. Proiektu hau Nafarroako landa-ingurunean kokatutako merkatariei zuzenduta dago, euren produktuaren edo zerbitzuaren balio diferentziala identifikatu, komunikatu eta zabaltzen laguntzeko helburuarekin. Asmoa da saltzaileek bertako bezero zein kanpotik etorritakoei (turistei) haien produktuak helarazten erraztea. 

Parte hartuko duten saltokiei prestakuntza eta tutoretza-programa bat emango die, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bidez. Bertan komunikazioa eta irudia lantzeko, posizionamendua bultzatzeko eta salmentak errazteko gakoak emango dizkiete.

Programak lehentasuna emango die, puntu honetan, biztanle gutxien dituzten eta merkataritza-sare txikiagoa duten herrietako saltokiei.

Zaporedun Landa Merkataritza uztailetik azarora bitartean garatuko da, eta izena eman nahi duten saltokiek gaurtik ekainaren 20ra bitartean egin dezakete, www.cein.es webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!