Bi langile hil dira Garesen, Señorio de Sarria behitegian izandako lan istripuan. Jose Luis Coral Hidalgo 45 urteko langilea bertan zendu zen, gas toxikoak arnastuta. Jonathan Salvador Perez, 36koa, ospitalean zendu zen, arrazoi beragatik. Biok enpresan dauzkaten etxebizitzetan bizi ziren.
SOS Nafarroa 112 larrialdiak kudeatzeko zentroari 12:38an eman diote gertatutakoaren berri. Antza denez, bi langileetako bat, Jose Luis Coral HIdalgo, minda-putzu bat garbitzen hasi da, eta gas toxikoak arnasturik zorabiatu egin da. Jarraian, Jonathan Salvador Perez laguntzera joan zaio, eta bera ere zorabiatu egin da.
Bertaratutako suhiltzaileek bi langileak erreskatatu dituztenean, horietako bat, José Luis Coral Hidalgo garestarra hilda zegoen, eta Jonathan Salvador Perez suspertzeko maniobrak egin dizkiote. Helikopteroz eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, eta hara bizirik iritsi da. Baina ilunabarrean zendu da.
Bestalde, maiatzean Cinfa enpresak Ollokin duen lantegian erorikoa izan zuen Agustin Escobes Ziak atzo azken hatsa eman zuen ospitalean. Hamazazpi egun zeramatzan zainketa berezietarako unitatean.
Gauzak horrela, Nafarroan, lau behargin hil dira astebetean lan istripuan. Urtea hasi zenetik bederatzi dira jada.