Nafarroako Gobernuak iragarri du 9 kilometroko luzera izanen duen proiektua garatzen ari direla, energia berde eta publikoaren hornidura bermatzeko eta Nafarroako Gobernuaren eraikinen % 52ren behar elektrikoak asetzeko. Ekimen horren bidez Nafarroako Ubidearen tarte bat eguzki plakaz estaliko dute. Iragarpena Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurugirorako kontseilariak egin du Bruselan.
Kontseilariak azaldu du tarte hori ekonomikoki bideragarria dela, eta hortik ateratzen den energia ekoizpenak Nafarroako Gobernuko eraikinen erdien baino gehiagoren kontsumo elektrikoa bermatuko lukeela. Foru agintaritzak ikerketa txosten bat eskatu du eta bertanNafarroako Gobernuaren kontsumoak, zati horren ekoizpena eta obra eta ustiapen gastuak aztertu dituzte. Hortik ondorioztatu dute "proiektua ekonomikoki bideragarria" dela, eta "tarte horrek bakarrik" estaliko lituzkeela "Gobernuak faktura elektrikoa ordaintzen dien eraikinen % 52ren beharrak, ikastetxeak eta osasun-etxeak barne".
AINk egindako txostenean kontuan hartu dituzte Nafarroako Gobernuak faktura elektrikoa ordaintzen duen eraikin guztien kontsumoak, Nafarroako Ospitalea izan ezik, azken horrek kontratu propioa baitu. Nafarroako Gobernuaren eraikin guztien kontsumo elektrikoa urtean 54,6 GWh da gaur egun eta txostenak ondorioztatu du ubidean 9 kilometro plaka jarrita urtean 28,5 GWh ekoitziko liratekeela.