Historian lehen aldiz gainditu du Nafarroak Gizarte Segurantzako 300.000 afiliatuen muga. Zehazki, 300.803 pertsona daude Gizarte Segurantzan. Apirilean baino 3.217 afiliatu gehiago erregistratu dituzte maiatzean, Errealitate Sozialaren Behatokiak aurreratu duenez. Duela urtebeteko maiatzean baino % 3 gehiago (8.884) da. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak Gizarte Segurantzako afiliazioaren "marka historikoa" nabarmendu du.
Parlamentuko osoko bilkura baino lehen hedabideei egindako adierazpenetan, presidenteak langabeziaren beherakada eta kontratu mugagabeen zenbatekoa nabarmendu ditu. Behera egin du langabeziak azken hilabetean. Aurreko hilabetearekin alderatuta Nafarroako enplegu-zerbitzu publikoen bulegoetan 1.364 langabe gutxiago erregistratu dira, % 4,08 gutxiago. Egun, beraz, 32.062 langabe daude.
Urte arteko alderaketa eginez gero, beherakada nabarmenagoa da. Iaz baino 6.498 langabe gutxiago daude Nafarroan, % 16,85 gutxiago. Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak gaur argitaratu ditu datuak.
Sektore guztietan egin du behera maiatzeko langabeziak. Jaitsierarik handiena zerbitzuetan izan da, 760 langabe gutxiagorekin; ondoren nekazaritza azaltzen da, 257 langabe gutxiagorekin; industrian, 204 gutxiago erregistratu dira; eraikuntzan, 90 gutxiago; eta enplegurik gabekoen taldean 53 pertsona gutxiago daude.
Hamar langabetik sei, emakumeak
Langabe gehienak emakumeak dira, 19.404, zehazki - 12.658 gizonak dira -. Adinari erreparatuz gero, 25 urtetik beherakoak 2.991 dira (1.511 gizon eta 1.480 emakume) eta gainerako 29.071ak 25 urtetik gorakoak dira. (11.147 gizon eta 17.924 emakume).
Sektoreka, langabetu gehienak zerbitzuen sektorekoak dira (21.463), 4.047 industriakoak, 1.776 nekazaritzakoak eta 1.412 eraikuntzakoak. Gainera, 3.364 enplegurik gabeko taldekoak dira.
Kontratazioari dagokionez, maiatzean 28.107 kontratu egin ziren Nafarroan, aurreko hilean baino 3.596 gehiago (%14,67). Urte arteko tasaren arabera, 1.502 kontratu gutxiago (-% 3,61). 28.107 kontratuetatik 7.317 mugagabeak dira eta 20.790 aldi baterakoak. Lan erreformari egotzi dio gertatutakoa presidenteak. "Batez ere gazteak eta emakumeak dira kontratu mugagabe horien onuradun", zehaztu du.