Ibai Azurmendi, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia, Uitzi mendatetik jaisten ari zela orkatz baten kontra jo omen du eta erorikoa izan du. Ondorioz, zauritu egin da astearte goizean Leitza inguruan entrenatzen ari zela. Helikopteroz eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, sorbalda eta lepauztaia hautsita izan ditzakeelakoan.
Leitzako mediku taldea eta anbulantzia bat bertaratu dira ezbeharra gertatu den tokira, baina azkenean kirolaria helikopteroz eraman dute Iruñeko ospitalera. Egonkor dago, Osasunbideko iturriek jakitera eman dutenez.
Istripua 12:30ean gertatu da, NA-1700 errepidean, 9. kilometroan. 25 urteko txirrindularia lurrean aurkitu dute, erorita eta konorterik gabe.
Foruzainek hartu dute gertakariak ikertzeko ardura.