Erasoaren ostean Nafarroako udalen internet zerbitzua berreskuratzen hasi da Animsa

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 30a, 18:19

Maiatzaren 1a arteko segurtasun kopia egingo du enpresa publikoak. 

Nafarroako Udal Informatikako Elkartea (Animsa) aste honetan hasiko da maiatzaren 18ko zibererasoak kaltetutako udalen web orria, posta elektronikoa eta internet bidezko arreta zerbitzua berreraikitzen.

Hala jakinarazi du erakundeak astelehen honetan, zibererasoak eragindako toki entitateekin izandako bileran. Saioan, Animsak bazkideei jakinarazi die kaltetutako zerbitzuak leheneratzeko eta berreskuratzeko lanekin jarraitzen dutela. Prozesu horrek "ingurune eta konexio fidagarriak berreraikitzea dakar", erabiltzaile berriekin eta beste zibereraso bat eragotziko duten pasahitz berriekin.

Kaltetuen artean 137 udal daude, horien artean Tafallako, Lizarrako, Zangozako, Altsasuko, Barañaingo, Burlatako edo Villava-Atarrabiako webguneak eta udal-zerbitzuak. 35 erakunderi ere eragin die, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari edo Kontuen Ganberari, besteak beste.
Ohar bidez azaldu dutenez, elkarteak "lehentasun handiko" bi berreskuratze-lerro paralelo ezarri ditu. Alde batetik, Internet bidezko Zerbitzu Zentroa eta, bestetik, posta elektronikoko zerbitzua eta webguneak.

Erasoaren jatorriari dagokionez, Animsak baieztatu du zibererasoa Hive izeneko ransomware motakoa dela. Maiatzaren 18an agerian geratu bazen ere, balizko "inkubazio-aldia" ikertzen ari dira, eta, beraz, maiatzaren 1ean sortutako infekziorik gabeko segurtasun-kopia bat ziurta daitekeela azaldu dute bileran. 

Hive ransomware-a  "nahiko berria" dela azaldu dute adituek. Besteak beste, ransomware mota horrek segurtasun-kopiak bilatzen eta ezabatzen ditu, biktimak datuak azkar berreskuratzeko erabil ez ditzan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!