Nafarroako Gobernuak soldata %14 igotzea eskaini die Haur Eskoletako langileei. Eider Garde 0-3 Plataformako bozeramailearen ustez, baina, eskaintza horrek ez du “aski bermerik".
Hezkuntza Departamentuko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko eta 0-3 Plataformako kideek atzo bigarren bilera egin zuten. Horretan, Carlos Gimenoren departamentuak soldata igoera eskaintza egin zuen, baina halaber ezetz erantzun zien grebalarien beste hainbat eskaerari.
"Igoera hori inolako bermerik gabe eskaintzen digute, greba bertan behera uzteko eskatzen baitigute, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Gobernua proposamen hori gauzatu ahal izateko finantzaketaren bila eser daitezen. Hau da, ez dago bermerik gaur egin diguten proposamena finantzatu ahal izateko", azaldu du Gardek.
0-3 Plataformako eledunaren arabera, gobernuak B mailako soldata-igoera eskaini dio zuzendaritzari, C mailakoa hezitzaileei eta E mailakoa garbitzaileei, "baina ez dira jasotzen plataformak eskatzen zituen antzinatasun-osagarriak, ez osagarri pedagogikoa, ez eta erantzukizun-osagarria ere". Bestalde, ratioak jaisteari ere ezetz esan dio Hezkuntza Departamentuak.
0-3 Plataformako ordezkariek gaur, ostegunarekin, 8:30ean prentsaurrekoa eskainiko dute, greba abiatu zenetik ostegunero egiten duten bezala. ETa gaur bertan batzarra eginen dute, grebarekin segitu “edo beste bide batzuei ekin” erabakitzeko.