OSASUNA 0 - 2 MALLORCA

Oierren agurrean, garaipenik ez

Juan Kruz Lakasta 2022ko mai. 23a, 07:30

Oier Sanjurjo, partida amaitu berritan, taldekideek airean hartuta. (Argazkia: Osasuna)

Atzoko porrotarekin sailkapenean postu bat behera egin dute gorritxoek, eta denboraldia 10. amaitu, 47 punturekin.

San Mames Barrian nola, Sadarren hala. Azkenaurreko jardunaldian Athleticen aurka gertatu zena atzo Mallorcaren kontra errepikatu zen. Berdegunean asko, gehiegi nabaritu zen zein taldek zuen puntu premia. Joko hobea egin gabe baina kemen handiagoa erakutsiz, Balear Uharteetako taldeak garaipena lortu zuen salbazioa erdiesteko.

Atzealdean, erdiko atzelari gisa, Unai Garcia eta David Garcia; hegaletan, Cote eta Ramalho; Euskarrian, Darko eta Oier. Bistan denez, hasierako hamaikakoa osatzeko tenorean, Jagoba Arrasatek oso aintzat hartu zuen aldagelaren kudeaketa deitzen duten hori.

Halere, Gazteluko plazako taldeak oso lehen zati ona egin zuen. Baloiaren jabetza berea izan zen. Ongi mugitu zuen baloia. Batez ere lehen zati horren azken txanpan, arriskua eragin zuen Manolo Reinaren ate inguruan. Darkok gola egiteko abagune argia izan zuen, baina Mallorcako atezainak bidea itxi zion. Chimyk erdiraketa ona egin zuen, baina Ruben Garcia ez zen iritsi. Budimirrek bi aukera argi izan zituen, baina ez zuen asmatu. Ezin ahantzi beste arean, falta batean, Sergio Herrerak meritu handiko gelditua egin ziola Salva Sevillari, baina gorritxoek aukera gehiago eta hobeak sortu zituzten.

Alta, atsedenaldiaren ondotik, behar bezalako kontzentraziorik gabe zelairatu ziren gorritxoak, eta bigarren zatia hasi bezain pronto, Moriqiren eta Angelen arteko jokaldi on baten ondotik, bigarrenak gola egin zuen, Osasunaren defentsak apenas oztoporik jarri gabe. Hortik aurrera, Osasuna nahi eta ezinean aritu zen.

Oierren agurra

Jagoba Arrasatek aldaketak egin zitueb. Besteak beste, 72. Minutuan Oier Sanjurjo kendu eta Roberto Torres zelairatu zuen. Estellerrikoak Arrekoari kapitainaren besokoa ematen zion bitartean, zaleek txalo zaparrada beroa eskain zieten. Kike Barjak eta Kike Garciak zenbait jokaldi arriskutsu ehundu zituzten. Alta, kontraeraso batean, Grenierrek Mallorcaren bigarrena sartu zuen, Sadarrera etorritako 1.000 zale balearren zoramenerako.

Norgehiagoka amaituta, Oier Sanjurjok ohorezko itzulia eman zion Sadarri, harmailetan geratu ziren milaka zaleen esku zartak jasotzeko. Taldekideek airean ibili zuten. Seme-alabak eduki zituen alboan. Iñigo Perezentzat eta Ramalhorentzat ere azken partida izan den atzokoa Osasunaren elastikoarekin.

Zenbait datu adierazgarri: Osasuna etxean gol gutxien sartu duen taldea izan da, 17rekin. Jagoba Arrasatek 114 partida daramatza jada Osasunako entrenatzaile moduan, Ivan Brzicek baino bat gehiago. Ante Budimirrek fitxaketako milioi bakoitzeko gol bat egin du denboraldi honetan: zortzi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!