Buruz buruko promozio finala asteburu honetan izanen da Labriten

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 20a, 09:14
Alberdi eta Salaberria.

Heldu den asteko hitzordu nagusiaren atarikoa izanen da Alberdi eta Salaberriaren arteko norgehiagoka. 

Elkar aski ongi ezagutzen duten bi pilotari aurrez aurre arituko dira Labriten Promozioko Buruz Buruko txapelaren borrokan. Garaipena Alberdi zein Salaberriarentzat aurrerapausoa litzateke, hazkunderako tartea. Gainera profesionalen lehen mailako heldu den urteko txapelketan parte hartzeko aukera emango lieke. 

Apirilean Zumaian jokatutako final-laurdenetako ligaxkan elkar ikusi zuten, Alberdik 22-16ko emaitzarekin lortu zuen garaipena. Partida nahiko parekatua izan zen, eta Azpeitiko aurrelaria hobeto aritu zen partidaren azken zatian. Baina, esan ohi den bezala orain gauzak aldatu egiten dira, finala baita hitzordua. 

Alberdik txapelketa garbia argiten ari da, erosoa, ez du porrota ezagutzen eta faborito bezala, final-laurdenetako ligaxkako bere hiru partidak irabazi zituen Zubizarreta III, Salaberria eta Elordiren aurka, gero finalerdietan anaia txikiari 22-8 irabazi zion, beraz, jokoz eta konfiantzaz gainezka iritsiko da Iruñeko Labrit pilotalekura.

Bestalde, Salaberriak Elordi eta Zubizarreta III.ari irabazi zien final-laurdenetako ligaxkan, Alberdirekin galduta, eta gero finalerdia ez zuen jokatu Javier Zabala errioxarrak orkatilan izan zuen lesioagatik. Horregatik, ez du lehian aritzerik izan azken egunetan eta larunbatera arte itxaron beharko da hitzordura nola iristen den ikusteko.

Hitzordua larunbatean izanen da, arratsaldeko 17.15ean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!