Oier: "Bizi izandakoaz oso harro nago"

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 20a, 07:42
Oier Sanjurjo, atzoko omenaldian, zaleei sostengua eskertzen. (Argazkia: Osasuna)

Hiru mila zale jaitsi ziren atzo Sadarrera, Osasunako kapitainari omenaldia egitera

Omenaldi jendetsu bezain hunkigarria egin zioten atzo Oier Sanjurjori Sadar futbol zelaian. Hiru mila zale bertaratu ziren, horrenbeste urtetan gazteluko plazako taldeko kapitaina izandakoari agur esatera. Harmailetan Indar Gorri peñako banderak ikusi ziren, nahiz eta azken jardunaldietan talde horretako zaleak ez diren Sadarrera jaisten ari, pairatzen ari diren isun ugariak salatzeko.

Ekitaldian, besteak beste, taldeko kapitain izandako hainbat jokalari ohik omendu zuten Oier, Patxi Puñalek, Cesar Krutxagak, Josetxo Romerok eta Miguel Flañok hain zuzen ere. Aulkian Osasunako egungo jokalari guztiak zeuden, baita Oierren familia ere. Dantzari batek aurreskua dantzatu zion. Ekitaldi hunkigarria izan zen, biziki: Oier bera ez ezik, besteak beste, Roberto Torres eta Kike Barja negarrez ikusi ahal izan ziren.

Hitzartzea euskaraz eta gaztelaniaz egin zuen Estellerrikoak. Ekitaldiaren ondoko prentsaurrekoan, Osasunan egindako lana gogoratu zuen. Hamazazpi urterekin Taxoarera iritsi zenean izan zuen hasieraz hitz egiten hasi zen. Era berean, lehen taldean eman zituen lehen urteak gogoratu zituen, Celtara utzita joan zela barne, eta itzuleran azken jardunaldietan salbazioa lortu zuen denboraldia, baita Patxi Puñalen agurra ere.

Halaber, Sabadellen salbazioa, 2015-16 denboraldian izandako igoera eta Bigarren Mailara itzultzea azpimarratu ditu. Azkenik, azken urteekin geratu da: Jagoba Arrasate iritsi zenetik, Bigarren Mailako tituluarekin berretsitako gorakadarekin eta Lehen Mailan kateaturiko denboraldiekin. "Oso harro nago bizi izan dudan guztiaz, ez baita erraza izan, baina horregatik dena intentsitate handiz dastatu dut. Ikusgarria izan da”, azaldu zuen Osasunako kapitainak.

Oierrek, halaber, agur-ekitaldia nola bizi izan duen aitortu zuen:"Onartu beharra daukat urduri egon naizela, baina harritu egin naiz, espero ez nuen lasaitasuna ere izan dudalako, benetan. Ederra izan da. Eta igandea oso egun berezia izanen da. Gaurkoa oso, oso, oso, oso polita da. Eskerrik asko guztiei”. “Futbolari izateko zoria gauza hauetan neurtzen da. Bada jendea bizitza osoa lan batean ematen duena eta bere ibilbidea amaitzen duenean agurrik gabe alde egiten duena. Eta ni banoa eta errekonozimendu hau daukat. Hori beti baloratu behar da. Une bakoitza gozatzen eta dastatzen saiatzen ari naiz", gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!