Oier Sanjurjori omenaldia eginen diote gaur arratsaldean Sadarren

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 19a, 07:49

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, 17:15etan zabalduko dituzte ateak

Osasunak omenaldia eginen dio gaur arratsaldean, Sadarren. Ekitaldia arratsaldeko 18:00tan hasiko da eta jendearentzat zabalik egonen da. Bertara joan nahi duten zaleak 17:15etik aurrera sartu ahal izanen dira harmailetan, 2., 3., 27. eta 28. ateetatik. Ate horiek Lehentasunezko Harmailarako sarbidea ematen dute eta Eladio Zilbeti kalean daude.

Ekitaldia estadioko zelaian eginen da, Lehentasunezko Harmailaren aurrean, ikuspegia ahalik eta jende gehienarentzat egokia izan dadin.

Omenaldiaren ondoren, historian partida ofizial gehien jokatu dituen seigarren jokalariak prentsaurrekoa emanen du hedabideen aurrean, prentsa aretoan. Zaleei irekitako ekitaldia eta prentsaurrekoa zuzenean emango dituzte klubeko komunikazio-kanalek.

Osasunak eta bere zaleek Oierri eskainiko dioten omenaldi honetara bertaratzen direnek poster bat eraman ahal izango dute, dohainik, Getaferen aurka jokatutako azken partidan gola sartu ondoren Estellerrikoa taldekideek goratu zuteneko irudia erakusten duena. Posterraren goiburuan "Un capitán de leyenda - Gure kapitain mitikoa" da. Estadiorako sarbidean eskuratu ahal izanen da.

Ekitaldi hau Osasunarekin Mallorcaren aurka jokatuko duen azken partida baino hiru egun lehenago eginen da, eta kapitainak ere agur esateko aukera izanen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!