Hamasei urtetik gorako neskek haurdunaldia gurasoen baimenik gabe eten ahal izatea “zentzugabekeria da”, UPNren arabera

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 18a, 07:45

UPNko buru Javier Esparza, foru paralmentuan, artxiboko irudi batean.

UPNk adierazi du "zentzugabekeria" dela PSOEk eta Podemosek bultzatutako abortuaren legearen erreformak 16 urtetik gorako adingabeen haurdunaldia gurasoen baimenik gabe etetea ahalbidetzea: "Zentzuz eta logikaz kanpoko ekimena da", azaldu du.

Alderdi erregionalistarentzat, "ulertezina da eta ez du inolako sendotasun juridikorik 16 urtetik gorako adingabe batek debekatua izatea alkohola kontsumitzea, autoa gidatzea edo hauteskundeetan botoa ematea, eta, aldiz, posible izatea gurasoen baimenik gabe abortatzea”, salatu du UPNk. "Hamasei urterekin bestelako eskubideak edukitzeko beharrezko heldutasunik edo gaitasunik ez badu, zergatik bai abortatzeko eta, gainera, gurasoen baimenik gabe?", galdetu du.
Hala, alderdi erregionalistak ohar batean adierazi duenez, "UPNk arbuiatzen duen ekimen honen azalpen bakarra koalizio-gobernu honek bizi duen krisiaren aurrean arreta desbideratzeko gai polemiko bat agenda politikoan sartzeko duen beharra da".
Hala ere, UPNtik kritikatu dute "politika egitea eta horrelako gai sentikor batekin”. "Arduragabekeria da. Gizaki baten bizitzarekin amaitzea bezalako gai serio bati ezin zaio heldu gobernuak nahi duen arinkeriatik. Gobernu honek moralki, gizatasunez eta etikoki funtsezkoak diren gaiak lantzeko duen hutsalkeria egiaztatzea zentzugabea da. Hori da sanchismoak eta populismoak dutena ", esan dute.
Era berean, ondorioztatu dutenez, "ezaguna da UPNk bizitzari buruz beti egin duen defentsa, baina argi dago erreforma honek gizartearen zati handi baten gaitzespena dakarrela, bakoitzak dituen jarrera eta planteamendu moraletatik harago".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!