Plazak, kaleak eta edukiera osoz bete ahalko diren oholtzak beteko ditu Erriberriko 23. Antzerki jaialdiak. Ohiko formatura itzuliko da: bi astez antzerkiaren sortzaile eta ikus entzuleen topaketa bihurtuko da Erriberri. Programazio zabala prestatu dute jaialdiko zuzendari artistiko berriek. Garaikidea, anitza eta kritikoa.
22 obra hartuko ditu jaialdiak, Erriberrin. Horietatik hamaika emakumeek sortutakoak edo idatzitakoak dira. Emakumeek antzerkigintzan duten eragina azpimarratu nahi izan dute eta.
Euskaraz obra bakarra eskainiko dute, Ilargiaren atzean. Tafallako kultur gunean taularatuko du Malaspulgas taldeak uztailaren 16an. Antzerkigintzak eskaintzeko duen aniztasuna Erriberritik Beire eta Tafallara zabalduko dute eta, beste urte batez.
Hain zuzen antzerkigintzak eskaintzeko duena asko dela iradokitzen du afixak, foko baten izpiak sartzen utziz oihala zabaltzen duen antzezle bat du protagonista. Oier Zuñiga ilustratzaile eta aktore iruindarrak egin du kartela.
Erriberriko jaialdia zer den azaldu nahi izan du Zuñigak. Bisitari eta parte hartzaile bakoitzak bizipen bat du, ordea, horregatik izpien atzean zer dagoen norberak erabaki dezake kartela ikustean.