Sindikatuek azpimarratu dute Hezkuntza Departamentuak egindako proposamena ez dela nahikoa, 766 lanpostu baino ez ditu atera nahi-eta egonkortze prozesuetara, behin-behineko 6.000 irakasle dauden arren. “Departamentuak eskainitako lanpostu kopuruarekin behin-behinekotasuna ez da inolaz ere % 8ra jaitsiko. Ez da, beraz, Europak agindutako jarraibiderik beteko, eta irakasleek pairatzen duten % 50 inguruko behin-behinekotasun mailak kronifikatzen jarraituko du”, adierazi du Steilaseko Raul Lopezek.
Sindikatuen ustez, kontsolidazioa bermatzeko eskaintzak, gutxienez, 4.000 lanpostu esleitu, eta Madrilgo Gobernuak inposatutako neurriak gainditu beharko lituzke. Sindikatuek aurreratu dute kontsolidazioaren aldeko mobilizazioak eta ekimenak bultzatzen jarraituko dutela.