Lanpostuak Madrilgo irizpideekin egonkortu nahi izatea egotzi diote Geroa Baik eta EH Bilduk PSNri

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 16a, 12:01

Bihar bilera eginen du Nafarroako Gobernuak parlamentuko eledunekin sindikatuei aurkeztutako proposamenaren inguruan.

3.589 lanpostu egonkortzeko proposamena biltzen duen foru lege dekretua aurkeztu die Nafarroako Gobernuak funtzio publikoko mahaiko sindikatuei. Nafarroako egoerari aurre egiteko, Madrilgo irizpideak hartu ditu Nafarroako Gobernuak Geroa Bairen iritziz, eta kritiko azaldu da PSN kide nagusiarekin Uxue Barkos: “Etsipena autogobernuaz egiten duten defentsarekin, hitzarmen ekonomikoa, eskumenen transferentzia… Anbizio gehiago behar da”.

Letra txikia aztertu nahi du EH Bilduk, “autogobernuaren erabilera egin duen edo Madrilen onartutakoa kopiatu duen” ezagutzeko. Foru lege dekretua onartu baino lehenenago, egonkortze plazen gainean eragina izan nahiko luke EH Bilduk. Gaia lantzeko bilera zenbait egiteke dituztela azaldu du Adolfo Araizek. Merezimenduekin du, besteak beste, kezka alderdi soberanistak. Atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik ezarri dutela salatu du. 

“Politika alderdikoiaz” ari da Nafarroako Gobernua lanpostuak egonkortzen Ezkerraren iritziz. Irakaskuntza jarri du adibide Marisa de Simonek, eta hausnarketa eskatu dio gobernuari. “Zer egin nahi duten erabaki dute”, adierazi du, halaber, Navarra Sumak. 

Nafarroako Gobernuak sindikatuei egondako proposamenarekin pozik azaldu da berriz PSN. Sinadikatuen kritikak ulertzen dituela aitortu du Ramon Alozorrizek, baina “mugarri bat” dela zehaztu du. PAI programako lanpostuak egonkortzeko autogobernua erabili zela ekarri du gogora, eta hori ere kritikatu zutela Geroa Baik eta EH Bilduk: “Erabiltzen denean erabiltzen delako, eta ez denean, ez delako”. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!