Osasunak porrot egin zuen atzo San Mames Barrian. Talde bizkaitarrak hiru puntuak eskuratu zituen Berenguerrek lehen zatian eta Villalibrek bigarren zatiaren azken txanpan sartutako golei esker.
Lehen zatian, baloia Athleticena izan zen. Gorritxoak pattal aritu ziren baloiarekin zein gabe. Hogeita hamahirugarren minutuan, Alex Berenguer gorritxo ohiak lehoien lehen gola lortu zuen, korner batean, buruz.
Bigarren zatian, nafarrek hobera egin zuten, baloiaren jabetza lortu zuten eta erasoan txukun aritu ziren. Athleticek, baina, kontraeraso arriskutsuak egin zituen, eta horietako batean, Villalibrek, amaierarako hamar minutu falta zirenean, bigarren gola sartuz partidua itxi zuen.
Orduan zelairatu zituen Jagoba Arrasatek Oier Sanjurjo eta Roberto Torres, zale askok Lizarrakoak hasieratik jokatzea espero bazuten ere. Norgehiagoka hasi aurretik, Athleticek oparia egin zion Osasunako kapitain historikoari: koardo bat, zeinean Oier bera Iker Muniainekin lehian ageri den, San Mames Barrian jokaturiko norgehiagoka batean.
Emaitza honekin, Osasunak bederatzigarren postuan segitzen du, 47 punturekin. Igandean, Jagoba Arrasateren taldeak Sadarren agurtuko du denboraldia, 18:30ean Mallorcaren aurka jokatuko duen norgehiagokan.