Lehen bi sailkatuen arteko norgehiagoka zen atzo Sadarren jokatu zena. Lehen jokaldi arriskutsuak Espanyolenak izan ziren, baina ez zuten gol aukera argirik eragin. Ondoren, gorritxoak baloiaren jabetza bereganatzen hasi ziren. Lehen zatia Patri Zugastiren gol bikainarekin amaitu zen. Zelai erdian zegoela, Zugastik atezaina aurreratuta zegoela ikusi eta jartiketa bikain baten bitartez gainditu zuen. Osasuna, hartara, markagailuan aurretik jarrita joan zen atsedenaldira.
Bigarren zatian Kakun Maizen jokalariek oso argi zuten atzean txukun aritu behar zutela. Espanyol saiatu saiatu zen, baina behin eta berriz egin zuen talka nafarren harresiaren aurka. Gainera, kontraerasoen bitartez, gorritxoek zenbait gol aukera sortu zituzten. Gauzak horrela, Espanyol nahi eta ezinean aritu zen, 94. minutuan Miriamek bigarren gola sartu zuen arte.
Urrezko hiru puntu hauekin, Osasuna lider jarri da, Ligaren amaierarako hiru jardunaldi geratzen diren honetan. Lidergoari eusten badio, igoera lortuko du. Bere esku dago.