Denboraldiko azken jardunaldian, Osasuna Promesasek Izarra garaitu zuen atzo. Modu horretan, ligako txapeldun izatea lortu zuen eta hartara RFEFeko Lehen Mailara igotzea.
Gorritxoen filiala askoz gehiago izan zen Izarra baino, norgehiagokaren hasieratik amaierara. Bazirudikeen gorritxoek abiadura batean jokatzen zutela, eta aurkariek beste batean.
Taxoarera joandako zaleak joko on horretaz eta giro apartaz gozatzen ari ziren, Aimar Izarraren area barruan erori zenean eta epaileak penaltia adierazi zuenean. Joelek jaurti zuen eta ez zuen hutsik egin: 1 eta 0ekoa igo zuen markagailura. Lehen gol hori sartu eta bost minutura, Pauk jaurtiketa bikaina egin zuen, baina baloia desbideratuta joan zitzaion.
Osasuna askoz gehiago izaten ari zen Izarra baino. Gol sorta ederra sartuko ziola ematen zuen. Gakoetako bat, etxekoak beti iristen zirela Izarrako jokalariak baino lehenago. Hala ere, minutuak igaro ahala, Promesasek abiadura moteldu zuen, eta markagailua aldatu gabe iritsi zen atsedenaldira.
Aldageletatik itzuli bezain laster, Osasunak berriro arriskua eragin zuen Joelen zutoinera egindako jaurtiketa batekin. Aimar Oroz ederki aritu zen bigarren zatiaren hasiera horretan.
Nolanahi ere, Izarrak aldaketak egin zituen, taldea freskatu zen, eta halaxe iritsi zen berdinketaren gola, Dariok korner batean huts egin ondoren, Ramos azaldu zen, area txikian baloia errematatu eta Taxoare osoa izoztuta uzteko.
Beraz, amaierarako hamabost minuturen faltan, lehia berdinduta zegoen. Gorritxoek presioa egiten segitu zuten, berdinketak txapeldun izateko balio zien arren. Halako batean, Xabi Huartek pilota jaso zuen hegalean eta sukalderaino sartu zen garaipenaren gola sartzeko. Bost minutu geroago, epaileak partidaren amaiera adierazi zuen.