Atzo, maiatzaren 12arekin, Eneko Etxeberriak bideo dei bitartez bilera egin zuen Nazio Batuen Elkarteko Bortxazko Desagertzeen Lan Taldearekin. Taldeko kideak segimendua egiten ari zaizkio Enekoren anaia Jose Miguel Etxeberria Naparraren desagertzeari. Taldekideak Genevan dira egunotan, erakundearen 126. bilkura aldiaren karietara. Naparra iruindarra 1980ko ekainaren 11n desagertu arazi zuten.
Bilerak 45 minutu iraun zuen, eta denbora horretan Etxeberriak kasuaren azken berriak eman zituen, batez ere Lan Taldearekin azken aldiz bildu zenetik izan diren berrikuntzak. Azken bilera hori 2020ko otsailaren 12an egin zuten, Genevan. Taldearen izenean, Luciano Hazanek Etxeberriatarrekiko elkartasuna adierazi zuen, berretsi zuen interes handiz segitzen ari direla kasuaren bilakaera, eta adierazi zuen NBEko Lan Taldeak erabat babestuko duela familiak epailearen aurrean Jose Miguel Etxeberriaren desagertzeari buruzko dokumentu sekretuak desklasifikatzeko egin lezakeen edozein ekimen.