Atzoko norgehiagokak amesturiko hasiera izan zuen Osasunazaleentzat, eta bereziki Oier Sanjurjo zaleentzat; izan ere, Lizarrako erdilariak goltzarra sartu zuen 9. minutuan: Ruben Garciak ezker hegaletik erdiraketa bikaina egin zuen areara, eta Oierrek, defentsei gailenduz, gol ederra sartu zuen burukada gurutzatu baten bitartez. Denboraldiko lehen gola estellerrikoarentzat, noiz eta zuzendaritzak datorren denboraldian taldean ez duela segituko iragarri duen astean. Eromena Sadarren: taldekideek airean hartu zuten, kapitainak ukabila altxatu zuen horren berean duen keinua eginez, eta harmailak oihu batean egin zuen eztanda: “Oier! Oier! Oier!”.
Partidak amesturiko jarraipena edukitzear izan zen, sarri beste behin ere ezker hegaletik etorritako erdiraketa bat boleaz errematatu baitzuen Oierrek. Baloia, alta, langa gainetik kanpora joan zitzaion. Hortik aurrera, gorritxoek intentsitatea galdu zuten, Getafek gora egin zuen, eta halako batean, 20. minutuan, talde madrildarrak berdinketaren golarekin egin zuen topo: erdiraketa bat moztu nahian, Torrok, sorbaldarekin, baloia bere atean, Sergio Herrerarenean sartu zuen. Ezin aipatzeke utzi Osasunako euskarriak gibelean Enes Ünal aurrelaria zuela, ahoko zuloan errematea egiteko prest.
Ordutik aurrera eta norgehiagokaren azken txanpara arte, jokaldi txukun gutxi ikusi ziren Sadarren. Talde madrildarrari berdinketa oso ongi zetorkion, eta jokoa trabatzen eta partidaren erritmoa ahalik eta gehien mantsotzen ahalegindu zen. Osasunak ez zuen jakin oztopo horiek gainditzen. Arrasatek egindako zenbait esperimentuk ez zuten lagundu: Juan Cruz hegalean, Roberto Torres euskarrian. Hirurogeita hamaikagarren minutuan, Berriatuakoak Roberto Torres, Kike Garcia eta Oier kendu zituen, Moncayola, Kike Barja eta Darko sartzeko. Esan gabe doa Sanjurjok txalo zaparrada itzela jaso zuela. Ez ote zuen merezi aldaketa geroago egitea.
Edonola ere, aldaketok taldea bizkortu zuten, eta norgehiagokaren azken txanpan Osasunak arrisku handiagoa eragin zuen Getaferen area inguruan. Golik, baina, ez zuen erdietsi, eta Oierren gol handiak berdinketa txiki bat lortzeko besterik ez zuen balio izan. Gorritxoek igandean, 18:30ean jokatuko dute hurrengo partida, Athleticen aurkako euskal derbia, San Mames Barrian.