Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak, atzo egindako bilkuran, onartu zuen aldaketa batzuk proposatzea funtzionamenduari dagokionez, plataformak bertan presentzia handiagoa izan zezan. Hiru aldeen arteko lan-mahai bat babestearen aldeko da federazioa. Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak erantzunez adierazi du “urgentziazkoa” dela auzia lantzea, eta onartu du proposamena.
Langileek eskatutakoaren erdi bideko proposamena da, baina, negoziazioan parte hartu nahi baitute. Euskalerria Irratiak jakin duenez, plataformak momentuz ez du informazio ofizialik jaso eta gaur arratsaldean bilduko dira gaia aztertzeko.
Beste pertsona edo kolektibo batzuen gonbidapena lantaldea osatzen duten bi aldeetako edozeinek egin ahal izatea proposatu dio gobernuari federazioak. Erdiesten diren akordioak betetzeko epeak ezartzeko konpromisoa idatziz jasotzea ere eskatu diote.
Manifestazioa, Burlatan
Burlatako Bizkarmendia haur eskolan egin dute gaur haur eskoletako hezitzaileek eta familiek protesta nagusia. Gobernuari zikloa duintzeko negoziazioa abiatu dezan eskatzeko sinadurak entregatu dizkiote Burlatako Udalari. Beste behin erakutsi dute gogotsu ari direla, familiekin batera indartsuago. Hala ere, aitortu dute, langileentzako ez ezik, gurasoentzako ere gogorra izaten ari dela. Horrek zerbitzu minimoetan lanean ari direnengan du eragina, ohartarazi dutenez. Ohikoan haur talde bat dute haien kargura, baina, greba dela eta, bi zaindu behar dituzte. Horrela, arreta egokia eskaintzea ezinezkoa dela diote.
Federazioko kideak, batzordean
Juan Carlos Castillo presidentea, Ander Oroz eta Mario Fabo presidenteordeak eta Esther Lacasta Basaburuko alkate eta Exekutibako kidea izanen dira batzordean federazioaren ordezkariak.