Haur eskoletako langileen aldeko 30.000 sinadura bildu dituzte

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 10a, 13:10

Hezitzaileak, bildutako sinadurekin, Hezkuntza Departamentuaren aurrean.

Bederatzigarren greba eguna dute haur hezitzaileek, eta gogotsu eta indarrez ari dira, “gizarteak hauspotuta”. Ahal Duguk, Nafarroako Ezker Batuak eta Batzarrek "babesa eta elkartasuna" adierazi diete.

Garesko Txori haur eskolan hezitzailea da Narila Mondragon Ziarra. Hogei urte dira haur eskoletan lanean ari dela, eta guztietan topatu du egun bizi duena. Hamabi haur ditu bere kargura, urte eta erdiko hamabi haur: “Ikasten duguna ezin dugu praktikan jarri, ez garelako iristen. Bi esku, bi begi eta bi belarri ez dira nahikoa hamabi haur hezteko”.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrean kontatu du bere esperientzia, gaur. Hitzordua baitzuen erregistroan, haur eskoletako familiek bildu dituzten 30.000 sinadurak entregatzeko. Ezin eskertuago daude 0-3 Plataforman bildutako langileak gurasoen babesarekin: “Larunbateko manifestazioa izugarria izan zen, argi geratu da zein premia dagoen 0-3an zerbait egiteko”.

Oraindik ez dute ospatzeko moduko lorpenik eskuratu, diote plataformatik; baina Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariaren diskurtsoan aldaketak sumatu dituzte. Ratioak altuak direla onartu zuen atzo, besteak beste. Gaur gaia lantzeko bilera du Udal eta Kontzejuen Federazioak, baina plataforma ez dute bilerara deitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!