Oier Sanjurjok, Osasunako kapitainak ez du klubean jarraituko hurrengo denboraldian. Klubak ez du Lizarrakoaren kontratua berritu eta ekainaren 30etik aurrera ez da beraz gorritxoen jokalari izango, nahiz eta bere ikurra betirako gelditu den. Hamalau denboraldi eman ditu bertan, tartean Vigoko Celtan utzita jokatu zuelarik. Osasunak argi adierazi du Oier zer den haren kontratu amaiera iragartzerakoan: "Klubaren eta bere ehun urteko historiako jokalari garrantzitsuenetako baten arteko lotura sasoi hau amaitzean amaituko da, eta ez da luzatuko".
📽️ Osasuna Oier da. Eta Oier Osasuna da.#GureKapitainMitikoa pic.twitter.com/QX88HEt4zX
— C. A. OSASUNA (@caosasuna_eus) May 9, 2022
Dagoeneko 535 norgehiagoka jokatu ditu harrobiko jokalariak, eta klubaren nortasunaren bozeramaile eta ikur izan da berdegunean. 14 denboralditan zehar klubaren unerik latzenetan zelaian egin izan du bere ekarpena, azken hiru urteetako aldaketa positiboaren adierazle esanguratsua izan da.
Osasunak igorritako prentsa oharrean Luis Sabalza presidenteak honakoa adierazi du: "Oier Osasunaren historiako jokalari garrantzitsuenetako bat da. Ikusi besterik ez dago bere etapa amaituko dela, 102 urtetan partida gehien jokatu dituen seigarren jokalaria baita. Zenbakiak alde batera utzita, Oier kapitain eredugarria dela nabarmendu nahi nuke, beti Osasunaren balioak bikain irudikatu dituena. Eta hau bai zelai barruan, beti azken izerdi tantaraino uztera eraman duten atzapar eta ahalegin horrekin, bai kanpoan. Presidente gisa, zuzendaritza batzordearen eta klubeko langileen izenean, eskerrak eman nahi dizkiot Oierri. Eskerrak eman nahi dizkizut konpromisoagatik, leialtasunagatik eta etorkizuneko belaunaldientzako ispilu izateagatik. Oier Osasuna izan da, da eta izango da".
Liga amaitu aurretik, maiatzaren 19an ostegunarekin, omenaldi ekitaldia antolatu dute kapitain handiari agur esateko.