Nafarroako Lidl supermerkatuetako langileak kalera atera dira eta mobilizazio eta lanuzte gehiago iragarri dituzte datozen egun eta asteetarako. Nafarroako lan-hitzarmena eskatzen dute, "estatalizazioaren aurrean" lan-baldintza duinak aldarrikatuz. ELA sindikatuak du gehiengoa enpresa batzordean eta Euskalerria Irratiko albistegietan eman ditu azalpenak.
LIDLek 8 denda eta 160 langile inguru ditu Nafarroan. Bederatzi urte daramatzate erkidegoko lan-itunik gabe eta 2013tik "UGTk eta CCOOk sinatu zuten" estatuko hitzarmenaren menpe daude, kritikatu du ELAk. Sindikatutik azaldu dute "hitzarmen honek soldata baxuagoak eta lan ordu gehiago egin behar izatea" ekarri duela, "%20rainoko galera eraginda lanaldian eta soldatetan".
Bigarren bosturtekoaren amaieran "Nafarroan enpresa hitzarmen bat negoziatzeko aukera" dagoela aldarrikatu dute eta "batzarrean egindako bozketan bildutako plantillaren gehiengoaren babesarekin, lanuzte eta mobilizazio dinamika bat" deitu du ELAk, Nafarroako LIDLen lantoki guztietan, gaur, maiatzak 9, Mendillorriko dendaren aurrean elkarretaratzea eginez.
Ohartarazi dute gainera "enpresak Nafarroako eremuko hitzarmena negoziatzeari uko egiten badio, lanuzteek maiatzaren 14, 16, 19 eta 21ean" jarraituko dutela. Lanuzteak bi ordukoak izango dira txanda bakoitzean goizez, 11:30etik 13:30era, eta beste bi ordukoak arratsaldez, 18:30etik 20:30era.