Osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute Nafarroako parlamentariek Navarra Sumak aurkeztutako erlijioko irakasleen lege proposamena, Nafarroako Kontseiluari eskatutako txostena iritsiko ote den zalantzarekin. Navarra Sumak egin data aurreratzeko eskakizuna, eta Geroa Baik eta PSNk ahalbidetu dute, abstentzioaren bitartez, gaur parlamentuko mahai eta eledunen batzordean.
26rako aurreikusita zegoen eztabaida, baina langileen etorkizuna lehen bait lehen zehazteko aurreratu behar dela iritzita aldatu dute. Geroa Baik 19an egitea proposatu du, baina Navarra Sumak ez du onartu.
Datorren ikasturtetik aurrera, erlijio-irakaskuntzak LOMLOE legean ezarritako gutxieneko ordutegian emango dira. Ikasturte honetan 145 erlijio-irakasle daude, eta ordutegien murrizketarekin, 29 langile gutxiago beharko dira. Artzapezpikutzak kontratatzen ditu langile horiek, eta Navarra Sumak blindatu nahi ditu.
Bat egin du proposamenarekin Geroa Baik, Hezkuntzak "beste irtenbiderik topatu” ez duelako. Txostena iritsiz gero, botoa aldatzeko argudioak agertu ezean, alde bozkatuko dute, nahiz eta horren aurka azaldu den Nafarroako Gobernua.