Espanyol 1 - 1 Osasuna

Gol ederra, puntu eskasa

Juan Kruz Lakasta 2022ko mai. 9a, 07:54
Norgehiagokako une bat (Argazkia: Osasuna)

Osasunak banako berdinketa lortu zuen atzo Espanyolen aurka, Cornella futbol zelaian, Kike Barjak sarturiko gol ederrari esker. Haatik, etxetik at lorturiko puntuak zapore gazi-geza utzi zien gorritxoei, garaipena esku-eskura eduki baitzuten.

Gazteluko plazako taldea nagusi izan zen lehen zatian, eta 41. minutuan taldeak merezi zuen gola erdietsi zuen Kike Barjak, Budimirren pase sakona baliatuz, baloia loratuz, jokaldi eder batean.

Nolanahi ere, Kataluniako taldeak hobera egin zuen partidaren azken herenean, eta Nico Melamedek berdinketako gola lortu zuen, area ertzetik egindako jaurtiketa ikusgarri baten bitartez.

Hala eta guztiz ere, norgehiagokaren azken txanpan gorritxoek garaipena erdiesteko aukera garbia izan zuten, Chimy Avilak area kanpotik egindako jaurtiketa zital baten bitartez. Diego Lopez atezainak zailtasun handiekin baloia zertxobait desbideratu zuen, eta langara joan zen.

Lehen zatian, Jagoba Arrasateren mutilek bertsio bikaina erakutsi zuten eta eroso aritu eta nagusi izan ziren Espanyolen aurka. Darko eta Budimir izan ziren goletik gertuen egon zirenak. Kroaziarrak zero eta bikoa lortzeko abagune argia izan zuen, baina berekoiegi aritu zen, bakarrik zen taldekideari baloia eman ordez erremate zail bat egiten ahaleginduz.

Beraz, 35. Jardinaldia jokaturik, Osasunak 46 puntu ditu eta bederatzigarren postuan dago. Jagoba Arrasateren taldearen hurrengo partidua etzi, maiatzaren 11n iritsiko da, asteazkenarekin, 19: 00etatik aurrera, Getafe futbol taldearen aurka, Sadarren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!