Koldo Martinezek "Estatuaren kalitate demokratikoaren aldarrian sakontzen" jarraituko duela berretsi du

Iosu Ganuza Garcia 2022ko mai. 6a, 12:26

Koldo Martinez, gaurko agerraldian.

Bi urte eta erdian Senatuan "Nafarroaren ahotsa" izan dela adierazi du. 

Bi urte eta erdi eman ditu dagoeneko Koldo Martinezek senatari gisa Madrilen eta epealdi honen balorazioa egin du. Geroa Baiko kideak, Nafarroako senatari autonomiko izendatu zutenetik, politika aurrerakoien defentsan eginiko lana defendatu du. Hitzartzearen hasieran adierazi du hark eramandako proposamenen %60k aurrera egin dutela senatuan eta bere ekarpenak ere kontuan hartu dituztela honako gaietan: landa garapena, haurren eskubideak, abortuaren arloan kode penalaren aldaketa, eutanasia eta umezurtz diren adingabeen sexu esplotazioaren aurkako auzia.

Giza eta herritarren eskubideen defentsaren aldarria goi ganberara eraman duela azpimarratu du, nahiz eta batzuetan aurrez aurre gobernuaren irmotasuna izan du besteak beste Mikel Zabalzaren kasua argitzeko orduan.

Martinezen ustez demokraziaren historian dagoen kapitulurik ilunena argitzeko aukera galdu du Espainiako Gobernuak. Zehaztu du Nafarroaren autogobernuaren aldarria plazaratu duela hainbatetan senatuan eta bere ahaleginak trafiko eskuduntzaren auzian etengabeak izan direla. 

Honekin batera atsekabez adierazi du ez duela Madrilgo Gobernuaren partetik erantzun argirik jaso Esako urtegiaren segurtasunaz zein Bardeetako Tiro Poligonoaz.

Erronkei dagokienez, heldu den astean Errenta eta Etekin Parekotasuna bermatzea helburu duen legearen eztabaida eramango du senatariak Madrilera.

Ziurtatu du tamalez hainbat arlotan Gobernu eta legebiltzar aurrerakoia izatea ez dela baliatu zentzu bereko politikak garatzeko, baina hainbat arlotan aurrerapausoak eman direla. Hori dela eta, legegintzaldiaren egonkortasuna bermatzeko Geroa Baik eginiko hautua eta hartutako konpromisoa berretsi ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!