Nafarroan urtean 350 etxegabetze baino gehiago izaten dira

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 5a, 13:08

AItor Murgia eta Saioa Urriza, gaurko agerraldian. (Argazkia: ELA).

Aldi berean 25.000 etxebizitza huts daude, ELA sindikatuak salatu duenez

Etxebizitza Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak txostena aurkeztu du gaur ELAko Ikerketa Bulegoak, eta horren arabera egoera Nafarroa Garaian “zinez larria da”. Hala adierazi dute Aitor Murgia Ikerketa Bulegoko kide eta txostenaren egileak, eta Saioa Urriza Eskualde Arduradunak.

“Nafarroan dozenaka mila herritar daude, batez ere emakumeak, gazteak eta pertsona arrazializatuak, etxebizitzarik eskuratu ezin dutenak; izan ere, etxebizitza espekulazio-elementutzat hartzen da, eta ez oinarrizko beharra asetzeko zerbait bezala”, salatu Urrizak.

Nafarroako etxebizitzaren egoeraren diagnostikoaz gain, gai honen inguruan dituen proposamenak biltzen dituen txostena aurkeztu du ELAk gaurko agerraldian.

Murgiak alokairuko etxebizitzaren eta salgai dagoenaren garestitasuna azpimarratu du. Alokairuaren batez besteko errenta Iruñean 1.000 euro ingurkoa da, eta salerosketako etxebizitzaren prezioa metro koadroko 1.500 eurotik gorakoa da . «Prezio altu horiek gehien jasaten ari den kolektiboa gazteena da, eta emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtetik gorakoa baita» azaldu du. 

2008ko krisiaren ondoren, bankuen finantzaketa-baldintzak gogortu egin dira, eta lan-prekarietatearen testuinguruan aurrezteko beharrak pertsona asko baztertu ditu etxe bat erostetik. Gainera, Murgiaren ustez, onartezina da gure lurraldean 25.000 etxebizitza huts baino gehiago izanda, urtean 350 etxegabetze baino gehiago izatea.

Dokumentuan jorratutako gaien artean ere turistifikazioa dago, zeinak alokairuen garestitzeaz gain, auzokideak desplazatzen dituen auzoetatik. Aztertzen diren aferen artean daude, halaber,  emakumeek jasan behar dituzten ondorio are larriagoak, etxerik gabeko pertsonen egoera edo migratzaileek askotan jasaten duten diskriminazioa ere.

Errealitate horren aurrean, Saioa Urrizak adierazi du ELAren proposamenen artean honako hauek daudela: legez bermatzea etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua sustatzea salerosketa-ereduaren aurrean, alokairuaren prezioak mugatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzera behartzea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismo-etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea; “izan ere, Nafarroa Europako batez bestekotik oso urrun dago: Europako batez besteko inbertsioa BPGaren %0,6a den bitartean, hemen %0,29koa da”, azaldu du. “Azken batean, etxebizitza ondasun sozial gisa ulertzea, eta ez espekulazio-ondasun gisa” gaineratu du. Azkenik, sindikatuak etxebizitzaren arazoari buruz abian jarri duen kanpaina aurkeztu du Urrizak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!