Laur egun igaro dira Nafarroako haur eskoletako langileek greba mugagabea abiatu zutela, eta aldeetan ez da jarrera aldaketarik izan. Atzo gobernuak adierazi zuen ez duela eskumenik plataformaren eskakizunei erantzuteko eta udalerriei pasa zien ardura. Nafarroako Gobernuari duen erantzukizuna eskatzeko elkartu dira langileak atarian: "PSNren hitzek ez gaituzte mintzen, ohituta gaude gutxiespen horietara. Ez bagara zilegiak mahai negoziatzaile batean esertzeko, esan dezatela non dituzten 0-3ko ordezkariak adiministrazioan hitz egiteko aukerarekin. Ez dago horrelako egiturarik. Sortu dezatela, eta bertan eseriko gara", adierazi du Eider Garde 0-3 Plataformako bozeramaileak.
0-3 zikloa hezkuntzako arreba txikia dela salatu du plataformak, eta urgentziazkoa dela ratioak eta soldatak aztertzea, beste gauza batzuen artean. Plataformak gobernua, udalak eta langileak bilduko dituen mahai bat nahi du. "Familiak mobilizatzen ari dira, haiek dira kaltetuenak; eta hala ere, gure aldarrikapenekin bat egin dute. Dagokionari erantzukizunak eskatzen ari dira, gobernuari", zehaztu du Gardek. "Udalerrien Federazioa gurekin dago, interlokutoretzat gaitu, baina gobenuak eta Navarra Sumak zilegitasuna kentzen digute".
Iruñeko alkatea izan da zilegitasuna kendu dien azken agintarietako bat. Navarra Sumako Enrique Maiak gutxietsi du grebak Iruñean duen jarraipena. "Gezurra" esaten ari dela ohartarazi du Gardek, Iruñeko haur eskoletako langileek erabaki baitute ostegunetan eginen dutela lanuztea: "Maiak gaur izanen ditu jarraipen datuak, gaur dute lehenengo eguna". Gutxieneko %100 zerbitzuak ez dituzten haur eskoletan, jarraipena erabatekoa dela azpimarratu du.
43 haur eskoletako langileak ari dira greba egiten, eta bizi duten egoera sozializatzen. Protesta bitartean afixak banatu dituzte haien aldarrikapenekin, eta 16:00tatik aurrera berriro elkartuko dira parlamentu atarian. Horrela, ostegunero, greba mugagabea baita.