Tuterako alkateak, Alejandro Toquerok, demanda bat jarri du Tuterako Lehen Auzialdiko Epaitegian Ernai erakundearen aurka, haren "ohorea urratzeagatik". Ernai Tuterak Twitterren ezarritako mezu baten kontura egin du Ernairen aurka. Navarra Sumako alkateak euskararen aurka hartutako erabakiak salatzen ditu mezuak.
🚨 Tuterako azken aldiko euskararen kontrako erasoaren harira:
— Ernai Tutera (@ErnaiTutera) March 18, 2022
Gogor salatzen ditugu Tuterako alkateak eta bere alderdiak egindakoak, agerian utziz berriro euskara eta kulturarekiko mespretsua.
(1/4) pic.twitter.com/TzBiG8nBlw
Ernaik " sakonki umiliatu" du alkatea, haren abokatu Guillermo Txaberri Reparazen iritziz: "Toquero Gil jaunaren ohorerako eskubidean bidegabe sartzea da". Demandaren arabera, "Tuterako alderdi demokratiko bateko alkate bat, korporazio demokratiko bateko kide hautetsi gisa diharduena, Hitler bezalako hiltzaile genozida batekin alderatzea ez da adierazpen askatasuna, ohorerako eskubidean bidegabeko esku sartze nabarmena baizik, gaitzespena merezi duena".
Tuterako alkateak "koldartzat" jo ditu Ernaiko kideak, "sare sozialen atzean eta hiri osoan zehar egindako pintada eta gizalegearen aurkako ekintzetan ezkutatzen direlako, eta ez dutelako parte hartzen Tuterako gizartearen benetako bizitzan". Ildo horretan, txioa argitaratu ondoren gustuko dut sakatuz onespena erakutsi zuten kargudun publikoei ere zuzendu zaie.
Irudia ken dezaten nahi du Toquerok, eta 5.000 euroko kalte morala eskatu du demandan. Irudiaren bitartez alkatearen ohorea bidegabe urratu dela aitortzea nahi du, eta epaia hori balitz, osoki argitaratzea Ernai ebazpena sare sozialetan.