Bakartxo Ruiz ez da ageriko EH Bilduk 2023ko maiatzeko foru hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagai zerrendan. Ruizek jarduera politikoko lehen lerroan bizi izan duen zikloa itxitzat ematen du, eta San Fermin Ikastolara itzuliko da, eskolak ematera. “Zikloa amaitzeko unea da. Aspaldi esan nuen hau nire azken legealdia izanen zela. Eta neure erabaki hori errespetatu izana eskertzen dut. Dena dela, EH Bildun lanean segituko dut, militatzeko modu asko baitaude”, azaldu dio Ruizek Diario de Noticias-eko kazetari Ibai Fernandezi.
Koalizio independentistak foru zein udal hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaitzei dagokienez, Ruizek ez du izenik aurreratu: “Gure proiektua hauteskundez hauteskunde sendotu egiten da. Ziur naiz oso hautagaitza indartsuak izanen ditugula, bai Nafarroan, baita Iruñean ere. Ziur naiz gaitasun handiko zerrendaburuak izanen ditugula, ilusioz beterikoak”.
Bakartxo Ruizek hiru legealdi eman ditu Nafarroako Parlamentuan. 2011n EH Bilduren zerrendako bigarren hautagaia izan zen. 2015ean postu berean aurkeztu zen, Adolfo Araizen gibeletik, eta 2019an zerrendaburua izan zen. “Pribilejio bat izan da Nafarroan aldaketa prozesua bizi ahal izatea, nire kideekin batera aldaketa politikoa gauza zedin ekarpenak egiten ahaleginduz”, azaldu du.