LABen koordinatzaile orokorretako bat izanen da Igor Arroyo iruindarra

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 3a, 12:51

Idazkari nagusi baten ordez bi koordinatzaile orokor proposatuko ditu egungo zuzendaritzak sindikatuaren X. Biltzar Nagusian, ekainaren 16an eta 17an. 

Baionan “Bagara bagoaz” leloarekin eginen du X, Biltzar Nagusia LAB sindikatuak, eta egungo zuzendaritzak proposatutakoa onartuz gero aldaketa nabarmenak eragingo ditu. “Zuzendaritza eredu horizontalago, kolegiatuagoa, partehartzaileagoaren aldeko apustua egiten dugu eta sindikatuan barne mailan, zein kanpora begira eraldaketa feministarako ematen ari garen urratsei jarraituz, idazkari nagusi bat izatetik bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu Biltzarrera”, zehaztu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak. 

Ardura maila berean egongo diren bi pertsona nahi ditu buru sindikatuak. “Bi horietako bat, gutxienez, beti emakumea izango da”, azaldu dute. Ardura horiek betetzeko Igor Arroyo egungo idazkari nagusi ondokoa eta Garbiñe Aranburu bera aurkeztu dira. “Hemendik aurrera afiliatuena izango da hitza”, erantsi du egungo idazkari nagusiak. 

Afiliazioan gora egin du azken bost urtetan sindikatuak, 5.000 afiliatu gehiagorekin. Egun 46.000 afiliatu baino gehiago ditu. Azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik gehienak emakumeak dira. Hauteskunde sindikaletan ere goraka egin dutela nabarmendu dute. Hego Euskal Herrian %19,24an daude:; Nafarroan %17,31n.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!