Bururik ez, erran nahi baita buruz jokatzeko gaitasunik ez, ez zentzu literalean ezta figuratuan ere. Ez buruz baloia eta arriskua lehen zutoinetik urruntzeko, ezta irabazten zoazelarik eta aurkaria hamar gizonekin jokatzen ari delarik norgehiagokaren azken txanpa nola kudeatu buru hotzarekin pentsatzeko ere.
Egiaren aitortzeko, atzo Martinez Valeron Osasunak ez zuen garaipena merezi izan, baina hiru puntuak esku-eskura eduki zituen, eta azken minutuetan ihes egin zioten.
Elchek mehatxu egin zuen bere lehenengo jokaldietan, Ezek buruz egindako korner baten ondoren. Sergio Herrerak esku hartu behar izan zuten etxekoen gola saihesteko. Minutu batzuk geroago, Mojicak gertu izan zuen gola, Fidelekin batera ezker hegaletik egindako jokaldi baten ondoren. Minutuek aurrera egin ahala, Osasuna Edgar Badiaren atera hurbildu zen, eta honek Darkok egindako erdiraketa arriskutsu baten eta Moncayolaren jaurtiketa baten aurrean esku hartu behar izan zuen. Lehen zatiko azken txanpan, norgehiagokak etenaldi ugari izan zituen eta talde bakar bat ere ez zen gai izan aurkariari min egiteko.
Budimirrek historia egin zuen
Aldageletatik igaro ondoren, Osasunak protagonismo handiagoa bilatu zuen partidan, baina Jagoba Arrasateren taldeak ez zuen arrisku handirik sortu. Chimy Avilak, Aridaneren pase baten ondoren, aukera arriskutsuena izan zuen areako aurrealdetik egindako jaurtiketa batekin. Partidarako ordua gaindituta, Budimir lurrera erori zen eta epaileak penaltia adierazi zuen etxekoen area barruan. Kroaziarrak jaurti egin zuen penaltia, golda erdietsi zuen, eta hala bere izena Osasunaren historian idatzi zuen, sei partidatan jarraian gola sartuz. Aurreko markarik onena, bostekoa, Chengue Moralesena zen.
0-1ekoarekin partida kontrolatzen saiatu ziren nafarrak, baina Elchek erreakzionatu egin zuen, eta amaierarako sei minutu falta zirelarik, korner batean, Pere Millak aurrea hartu zien atzelariei lehen zutoinean, eta burukada ona egin zuen, 1-1ekoa sartzeko.
Osasuna saiatu zen azken minutuetan eta David Garcia garaipenaren gola lortzeko zorian egon zen azken minutuan aukera bikoitz argi batekin, baina ez zuen asmatu.
Berdinketa honekin, Osasunak bederatzigarren postuan jarraitzen du berrogeita bost punturekin 34 jardunaldi jokatu ondoren. Gorritxoen hurrengo neurketa maiatzaren 8an izango da, igandean, 18:30etik aurrera, Espanyolen aurka, Bartzelonan.