Ederki hasi zuen partidua Osasunak. Hirugarren minutuan, Lorrenak aldaratze bat aprobetxatu zuen, Vilariñoren erremate gurutzatu baten ondoren, gorritxoen lehen gola sartzeko.
Gola sartuta ere, Osasunak ez zuen erritmoa jaitsi, eta Oviedo haren arearen inguruan defendatzera behartu zuen. Eta Lorenak bigarren aukera argi bat eduki zuen. Honako honetan, baina, baloiak zutoinean jo eta kanporako bidea hartu zuen.
Asturiarrek arriskua sortu nahi zuten goian, baina gorritxoen atzealdeak sendotasun handia erakutsi zuen. Minutuak aurrera zihoazen eta Oviedo gehiago agertzen zen partidan. Bisitariek erasoko jokaldi on batzuk josi zituzten, Taxoareko harmailetako zaleen aztoramendurako. Lehen zatia bukatzeko bi minutu falta zirenean, Carlotak nafarren atzealdeari aurrea hartuta, baloia langa gainetik bidali zuen, gutxigatik.
Indar betean hasi Osasunak bigarren zatia. Oraingo honetan Vilariño izan zen aldaratze bat aprobetxatu zuena, Lorrenaren errematearen ondoren, markagailura bigarren gola igotzeko.
Gorritxoek oso ongi mantendu zuten maila bigarren zati honen zati handi batean. Arazo gutxi eduki zituzten atzean, eta arrisku handiz iritsi ziren Oviedoren area ingurura. Vilariñok gola sartzeko aukera bikoitza izan zuen, baina atezainak erantzun bikaina eman zion.
Zaleek benetako festa bizi izan zuten harmailetan, gorritxoek zelaian ondo jarrita jarraitzen zutela ikusita. Oviedok ezer gutxi egin ahal izan zuen bigarren zati osoan, ez baitzuen ate aurrean jokatu eta izan zituen aukerak ez ziren arriskutsuak izan. Azkenean Osasunak partida bikaina burutu zuen hasieratik bukaerara eta urrezko hiru puntu eskuratu zituen. Gorritxoak 52 puntura iritsi dira eta sailkapeneko lider jarri dira. Oviedo, berriz, 39rekin geratu da.