Legea haien botoen esku dagoela badakite eskuinekoek, eta hori baliatu nahi dute PAI eredu bihurtzeko. Navarra Sumak hiru zuzenketa aurkeztu dizkio Ingelesa irakasteko programako irakasleak egonkortzeko foru legeari.
Zuzenketetan programa eredu bihurtzeko urratsak ematea proposatzen da, egonkortzen diren irakasleak programa horri berariaz lotuta egotea eta gaztelaniazko edo euskarazko plazetara aldatu ezin izatea (azken hau Afapnak proposatuta).
Eta zuzenketak argudiatzeko D eredua eta Ingelesa jarri ditu aurrez aurre Javier Esparzak. D ereduan familia batzuei garraioa eta jantokia ordaintzen zaien bezala, PAI programa aukeratzen duten eta beren herrian ez dauden familiei administrazioak garraioa eta jantokia ordaintzea nahi dutela azaldu du. Horrela, Navarra Sumako bozeramailearen iritziz "eskubideak parekatuko” lirateke.
Azken egunotan elkarrizketa zenbait izan dira bi taldeen artean, baina Esparzak ez du argitu zer erantzun dieten sozialistek. Pilota PSNk du, eta erabaki bat hartu beharko du: Navarra Sumaren eskakizunen aurrean men egin edo legeak babes nahikorik ez duela onartu.