Atepeko lan ona ez da nahikoa izan

Euskalerria Irratia 2022ko api. 21a, 08:26
Bete egin zen gorritxoen estadioa. Iturria: Osasuna

Osasunak ezin izan zuen Real Madrid mendean hartu. Zuriak izan ziren nagusi baina Sergio Herrerak, bi penalti geldituta, ilusioa piztuta mantendu zuen. 

Ilusioa eta grina ez ziren nahikoa izan Real Madrid mendean hartzeko. Muxukorik gabeko lehen partiduko lehendabiziko aukerak Osasunak izan zituen baina Curtois atezainaren aurrean ez zuten asmatu gorritxoek. Laster hartu zuen ligako liderrak baloiaren jabetza eta aurrerapausoa eman.

Hamabigarren minutuan talde zuriaren aurrelariek zirrikitua aurkitu zuten defentsan eta geldikako jokaldi baten ostean Alabaren errematea Sergio Herrerak, gorritxoen atezainak, gelditu zuen baina errebotea hartu zuen austriarrak berak huts eta batekoa egiteko.

Jarraian heldu zen gorritxoen erantzuna.

Berdinketa markagailuan zela aukera pare bat izan zuen Osasunak aurrea hartzeko baina ez  zuten asmatu aurrelariek, eta jokoz kanpoko posizioan izateagatik Ante Budimirren bigarren golak ez zuen baliorik izan.

Hortik aurrera partiduak antzeko dinamikarekin jarraitu zuen, Real Madrid baloiaren jabe baina Osasuna ondo gotortuta atzean. Hain zuzen epailea lehen zatiaren amaiera adieraztear zenean heldu zen 1-2ko erabakigarria. Burumakur joan ziren beraz gorritxoak aldageletara.

Bigarren zatian lehendabiziko minutuetan gogotsu irten zen Osasuna, eta arazoren bat eragin zion Real Madriden defentsari, baina aukera garbirik ez. Kontraeraso batean Rodrigok Tximi atzean utzi nahi izan zuen gorritxoen arean baina argentinarrak eskuaz ukitu zuen baloia eta penalti argia adierazi zuen De Burgos Bengoetxea epaileak. Sergio Herrerak baina asmatu zuen Benzemaren asmoa baloia geldituta.

Sei minutu geroago, gauza bera gertatu zen, baina oraingoan Rodrigori Nacho Vidalek eginiko penaltia atzeman zuen epaile bizkaitarrak. Hala ere berriro, Sergio Herrerak ilusioa mantendu zuen, gelditu bikaina eginik.

Erantzuten ahalegindu ziren gorritxoak baina azkeneko jokaldian bat eta hirukoa egin zuten zuriek, ligako lidergoa sendotzeko.

Partiduaren atarian Luis Sabalzak, Sadar 2021 urteko munduko estadiorik onena izendatzen duen ikurra jaso zuen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!