Lan eskubideen defentsan eta aldarrikapenean urteroko eta ezinbesteko hitzordua da maiatzaren lehena eta aurten LAB sindikatuak Altxa! Egin dezagun posible leloa hautatu du. Zortzi mobilizazio dei luzatu ditu egun horretarako LABek, zaintza lanen, enpleguaren eta ondasunen banaketa orekatua eskatzeko.
Abertzaleen sindikatuak beraz banaketa hirukoitz hori izango du oinarri lengileriaren nazioarteko egunean, honekin batera, "eredu ekonomikoaren aldaketa" eskatuta.
Honekin batera gaurkoan Imanol Karrera bozeramaileak kritikatu du "pandemia lanpostuen eta soldaten prekarizaziorako aitzakia gisa" jarri zutela lehenik eta "orain Ukrainako gatazka darabiltela agintari eta enpresariek oinarrizko ondasunen eta energiaren garestitzea justifikatzeko". LABek zehaztu du krisialdi hau ez dela berria eta salatu du “oligopolio energetikoak duen xantaiarako ahalmena”.
Energiaren publifikazioa beraz ere eskatuko dute Maiatzaren batean. Zortzi mobilizazio izanen dira beraz LAB sindikatuak deitu dituenak Nafarroan, zentrala Iruñean eguerdian Gaztelu plazatik, eta eguerdiaren bueltan ere Azkoien, Lizarra, Tafalla, Tutera, Doneztebe, Altsasu eta Leitzan deitutakoak.
Eredu aldaketa eskatuko du LABek eta aldaketa hori Nafarroan eraikitzen hasteko eskatuko dute.
Honekin batera Imanol Karrerak nabarmendu du aurten ez dutela plastikozko pankartarik erabiliko Maiatzaren 1aren deialdietan, 2.500 m plastiko aurreztuta, eta trantsizio ekosozialistarako keinu gisa.