Gaurtik aurrera muxukoaren derrigortasuna zenbait esparrutara soilik murriztu da baina tartean, aisialdian behintzat ez da derrigorrezkoa izango. 2020ko maiatzean, COVID19aren izurriaren lehen olatuaren amaieran, ezarri zuten aho eta sudurraren tapakiaren derrigortasuna eta ia bi urte geroago kendu dute.
Hala ere zenbait izango dira salbuespenak, besteak beste, garraio publikoan, osasun zentroetan eta egoitza edo espazio sozio sanitarioetan maskara eramaten jarraitu behar baitugu.
Ospitaleetan eta erresidentzietan paziente edo egoiliarrek ez dute eraman beharko baina bai bisitari eta langileek.
Enpresetan aldiz, enpresa zuzendaritzak erabakiko du. Gurera ekarrita, Volkswagen-en, Landabengo 5.000 langileek muxukoa jantzita eraman behar izango dute oraindik ere, baina zuzendaritzak iragarri du datozen egunetan bilera izango duela sindikatuekin eta Lan Arriskuen Prebentziorako lantaldearekin egoera aztertu eta erabakia malgutzeko aukerez hausnartzeko.
Ostalaritzan eta merkataritzan ere jabeek erabakiko dute maskara derrigortasunaz eta elkarteek aurreratu dute ez dutela agindurik igorriko gaiaren inguruan.
Azkenik ikastetxeetan ez da derrigorrezkoa izanen baina Hezkuntza departamentuak eskolekin batera erabakiko du muxukoa kentzeko bidea.
Derrigorrezko tapakirik ez beraz hainbat espaziotan, baina momentuz poltsikoan eraman behar izango dute herritarrek, badaezpada.